Blogia
HASERRE NAGO !!

HASERRE NAGO!! -Euskera- Ana Maria Lorenzo

“Plataforma” honi buruz lehenengoz hitz egiten entzun nuenean neure buruari galdetu nion, nik, artisau naizen aldetik, ikuspuntu berdintsua neukan edo ez. Hasieran ez nekien, ez nuen erantzuten; baina geroago sentipen asko etorri zitzaizkidan bat-batean, eta identifikatuta sentiarazi ninduten.
Zertan lan egiten dudan galdetzen didatenean, duda egiten dut, artisau erantzun edo koadernatzailea erantzun, jendeak harrituta begiratu eta lelo aurpegiaz esaten du: “ ze polita, ezta?” Nik ez dakit polita den edo ez, baina niri ez zait bururatzen esatea maisu, iturgin edo funtzionario bati “ze polita, ezta”, zer egiten duten esaten didatenean.

Badirudi hobby bat dela, zergarik ez duzula ordaintzen, ezta gizarte segurantzarik ere...; pieza batzuk egiten dituzu eta kalean saldu gero. Hori bai, oso politak dira, eta eskerrak eman behar dizkiozu erosi dizuenari, egia esateko, inor ezin baita horrela bizi.

Artisau-denda bat dudala esaten dudanean, ikusten dut zer dagoen nire solaskidearen buruan, hauxe: India, Txina eta antzekoetatik inportaturikoen bazar bat, eta antzeko gauzekin lotzen du artisautza; eta gurea, non geratzen da?

Zure lana arte galeria batean saltzen bada, ordea, orduan ez da berdina, lerro fin hori gainditu duzu, jainkoen Olinpora iritsi zara.

Baina artisau xumea bazara, orduan atzera begiratu behar duzu: erdi aroko tunika batez mozorrotu behar duzu eta zure produktuak duela 500 urte zeudenen antzekoak izatea lortu behar duzu; hori bai, prezioa ere ordukoaren antzekoa. Bitxia da, Erdi Aroan aintzat hartzen zuten artisaua eta bazeukan bere maila gizartean; jakina, zerbait egiten genuen: altzariak, oinetakoak, bitxiak, ontziteria...
Ez ziren seriean egiten, gaur egun egiten dugun bezalaxe baino: banan-banan, ezaugarri batekin, pieza bakarrak ziren. Baina horrek inori ez dio axola, jadanik, gauza klonikoak gustatzen zaizkigu, ahal bada oso merkeak. Berdin da nondik datozen eta nork egiten dituen, kontua da gure patrikak albait eragin txikiena izatea denetarik edukitzeko eta gauza asko.

Bidezko merkataritzari buruz hitz egiten dugu eten barik hirugarren munduko herrialdeak gogora ekarriz, eta feriak egiten dira herritarrak kontzientziatzeko. Agian, hemen ere antzeko zerbait egin beharko genuke, bidezko merkataritza bertakoentzat edo, eta argi utzi piezek prezioa dutela eta ez dela tratua egiten, dendetan egiten ez den bezala.

Jendaurrean dugun irudia kaleko saltzailearena da, gehienetan duintasun gutxiko tokietan egoten gara, edo mozorrotuta jendea dibertitzeko. Inor ez da konturatzen ordaindu egiten dugula karpa baten pean hotzak hilda edo beroak itota egotearren. Zergak ordaintzen ditugu, gizarte segurantza ere bai, BEZa ere bai, familia dugu, jan behar dugu, XXI. mendean bizi gara, gastu eta beharrei aurre egin behar diegu.

Gutako askok lan egiten dugu asteburuetan, zubietan, ustezko oporretan... ahalegina egiten urtean zehar egiten duguna saltzeko. Ez dut horregatik kexarik, nire lanbidearen zati bat delako, baina errespeta gaitzaten behar dugu, balora gaitzaten, gure lekua eduki behar dugu XXI. mendean. Gure produktuekin, berrikuntzekin eta aldaketekin artisauak norbait izan behar du, ARTISAU izan behar du.
Ikusten duzuenez, HASERRE NAGO!

Lorenzo, Ana Maria (Mikelatz Koadenaketa)
Koadernaketagilea

0 comentarios